Historia

Durangoko Merindadea osatzen zuten 12 elizateetako bat Garai da. Batzar Nagusietan 6. jarlekuan egoten zen. Gaur egun [2010eko datuen arabera] 7,12 km2 dauzka eta 339 biztanle. Garaitarrek nekazaritzari eta abeltzaintzari ekin diote batez ere. Herriaren kokapena eta geografia kontuan izanda, ulergarria da (lurrak oso malkartsuak dira eta ez dago erreka handirik -beraz, burdinolarik ere ez zegoen-).

K.o. IX. mendearen inguruan eratutako jende-taldeak komunitate bilakatu ziren, eta komunitate horien hurrengo pausua kofradiak izan ziren. Kofradia haiek hasierako auzuneak edo herrixkak izan ziren. Jatorriz autonomoak ziren euren artean, baina gerora laguntasun-premia sortu zitzaien: azpiegitura-lanak egiteko (zubiak eta bideak esate baterako), garai istilutsuetan babesteko eta abar. Hori kontuan harturik, kofradiak elkartu egin ziren, baina era berean batzuek menpean hartu zituzten ingurukoak.

Garain bi espazio edo kofradia zeuden hasiera batean: Momoitioko San Juan ingurukoa eta Garaikoa bertakoa (jatorrizko kokagunea San Migel Goiaingerua elizaren inguruan zegoen). Bi multzo horiek elkartzerakoan sortu zen Garaiko elizatea. Bateratze-prozesua noiz gertatu zen zehatz esaterik ez dago, baina XI. eta XII. mendeetan gertatu zela pentsa daiteke. Gehienetan, eta Garain ere horixe gertatu zen, elizateak kofradia nagusiaren izena hartu zuen. Herritarrek elizaren aurrean elkartzeko ohitura izaten zutenez, hortik dator izena. Garaiko kasuan San Migel Goiaingerua elizaren aurrean elkartzen ziren. Elizateak sortu arren, kofradiek iraun egin dute. Erakunde politiko horiek eginkizun batzuk izan dituzte: arduradunak aukeratzea, zergak banatzea, kofradiaren eta elizatearen herri-basoak ustiatzea.

Gaur egun pertsona guztiok dugu boto-eskubidea (pertsona bakoitzak boto bat), baina orduko egitura hartan baserriari zegokion botoa. Baserri bakoitzeko boto bat, baserrian zenbat lagun bizi diren aintzat hartu barik. Kofradiaren eta elizatearen batzarrera joateko eskubidea, botoa emateko eskubidea eta abar, berez etxagunari (etxeko jaunari) zegokion.

Elizateko presidentea fidela (alkatea) izaten zen, eta laguntzaileak izaten zituen. Alkatea aukeratzeko ez zioten jarraitzen ohiko hauteskunde-sistemari. Baserri guztiek, etxagun guztiek hobeto esanda, bete behar zuten alkate-kargua. Alkatea aukeratzeko oso sistema berezia erabiltzen zuten. Elizateko bi kofradien izenak sartzen zituzten kapela batean. Ondoren, txartelak banan ateratzen zituzten kapelatik. Zerrenda hura halabeharrez egiten zen, zozketa bat balitz bezala. Lehenengo ateratako kofradiako baserrien izenak sartzen zituzten kapelan gero. Txarteltxo horiek ateratzen zituzten eta berriro ere halabeharrak eratzen zuen baserrien zerrenda. Horren atzetik, gauza bera egiten zuten bigarren kofradiarekin. Ondorioz, elizateko baserri guztien zerrenda finkatuta geratzen zen, hurrengo urteetako herriko arduradunena (kasu askotan mende erdirako ere izaten zen). Agintaldiak urtebetekoak izaten ziren. Dena dela, elizate bakoitzak bere ezaugarriak zituen. Esate baterako toki batzuetan errenteroek (maizterrek) bazuten eskubidea herrian kargua izateko, baina beste batzuetan ez. Fidelak edo alkateak lantza izaten zuen eskuetan jende aurreko ekitaldietan, batzarretan, dantzaldietan eta abar, bere boterearen sinboloa baitzen.

Garaiko historiari buruzko datuak urriak dira, baina horiek irakurrita herriko historia nahiko monotonoa izan zela suma daiteke. Garaitarren bizimoduan ez zen gertatzen gauza aipagarririk. Noizean behin borrokaldiren bat gertatzen zen, baina orduan ere herriko semeak bidaltzen zituzten borrokara eta herrian bakea izaten zen nagusi. Bestalde, bigarren mailako semeek (etxerako ez zirenak) baserritik alde egin behar izaten zuten; apaiz, militar eta Ameriketara bizimodua ateratzera. Beste batzuk hargin eta lan-maisu ibili ziren Gaztela aldean, eta horietako askok ospea lortu zuten lanbidean.

Garaik itxura berezia du: baserriak aldapa malkartsuetan ageri dira. Eraikin horietako asko XV. mendean egin zituzten, Erdi Aroko txabolak ordezkatuz. Herri honetan lurra lantzen dute oraindik ere. Gaur egun bertako herritar asko kalera jaisten dira lanera egunero. Eraikin berriak ere egin dituzte, herrian sakabanatuta gehienak, antzina sortutako komunitateari jarraipena eta etorkizuna emateko.